Juan Ignazio Uranga

 

BAKARRIZKETAK

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Euskal-Erria, 1908-II, 1909-I, 1909-II, 1915-I, 1916-I, 1917-I.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00481.htm

 

 

ERO ALGARA

 

(BAKARIZKETA)

 

Iruditegiak aurkestatzen du gela arlote bat.

 

       (Guztiro bildurtua).— Ez dago nerekin gauz onik! Egiya ote da? Zer izan bear du? Eriotza... alderatzen datorkit! Au bizimodu biurra! Bañan, zergatik ekarri naute ni onera? Zer egin det, orla katez loturik presondegi ontan idukitzeko? Nik ezer ez. Bai: emaztea!... Bañan emazterik izan ez badet, nola izan liteke egiya nik egin detala itzuzkeri ori?

       Ni zalatzen nautenak diyote, nik ill detala emaztea... Bañan norena? Ni ezkongaia izanik, nola ill nezakien nere emaztea? Ez, ez: ni ez naiz itzuzkeri orren egillia. Gezurrak narabillki gisa txar ontan. Norbaiten ikus nai txarren bat da iñolaz ere guztiya. A Jauna! Noiz askatuko nau lotura sendo abetatik? Gezurrak onenbeste naspilla izan zezakienik ez nuben txinixtuko, Jaungoikuak berak esan baziran ere. Ni erabilli naute, Jesus altsua etsaiak erabilli zuten bezela. Emaztea!... Emaztea! Nik ez det emazterik. Ezkongaia naiz, eta eriotz orren jabea, beste norbait izango da. Gezurra!... Gezurra da, Jesus jipoitu zuten latigua bañon gogorragua. Bada, gezurraren mendian arki naiz, sei, edo zazpi illabete abetan. Jesus!... Jesus!... Je... sus! Bedeinkatua izan bedi Jesus altsu eta amoriotsuaren izena. (Itxedon.) Gezurraren mendean orrenbeste denboran!

       Ez dute bada esaten, gezurrak izatza laburra dubela? Ez du bada aiñ laburra nigatik sortu duten gezurrak. Beste neurgairik gabe, iruditzen zait neurtu litekiela Donosti guztiyaren zabalera, gezur orren izatzaren luzetasunarekiñ. Nik zer egin det, narabilten bezela erabiltzeko? Arrazoitzen ere ez dirate usten. Madarikatua izan bedi milla bider, nere suerte biurra! (Itxedon.) Beti izandu naiz gizon paketsu ezeren ekatxik gabia, eta orain gezurra bitarteko dala, emen naukate oso itsusiturik altzaiduzko katez sendokiro loturik, presondegiyan, katamotz bat kaiola burnizkoetan idukitzen duten bezela. Madarikatzen det, gezur ori sortu zuben mingaiñ beltzaren jabia! (Itxedon.) Ez dago nerekiñ gauz onik. Borrerua etorriko da nere billa, eta eramango nau urkabera, eriotzgille kulpadun bat bezela. (Negarrez) Ai, ama! Laixter zera seme gabe, bañan ezin esango ditzut Jesus-ek bere amari bezela. (Itxedon.) Egon zindezke jakiñan gañian, gezurrak egiten dubela gauza ikaragarri au (Negarrez) Nik zergatik galdu bear det gizatxarkeri orren bidez, nere bizi maitagarri au? (Gora begira) Jauna! Erruki zaite nitzaz, eta neregan badago munduaren izaera ona, egin, eta osa bedi zure borondatia, Jesus maitatiyakin bezela. (Itxedon.) Ekadoi batzarrak zer arrazoi izandu ditu erabakitza itzusi au nigan artzeko? Agiyan ni al naiz emaztea ill detana? Nik ez det ill! Nik ez det emazterik. Nola izan nezake ill badet? (Asnas larriyan) Bañan, nik ill? Bai, jendeak ala diyo eta baliteke egiya izatia. Bañan emazte jabe izan ez banaiz, nola ill nezakien? Gei geiagoren iritziz erabakitzen dira gauza guztiyak, naiz gezurrarekin ibilli. (Itxedon.) Nik emaztea ill? Ezta, izan banu ere, ez nuben illko. (Itxedon.) Bañan ezkongaia izanik nola illko nuben! (Negarrez) Nik illa ez da! (Kalkatuaz) Gezurra!... (Kalkatuaz) Gezurra da, nik egiña dala eriotz ori. Nik ez det emazterik, bañan... (Motel antzian) Zer da nigan gertatzen dana? (Algaraz) Leiala izan bazan... (Algara goratuaz) etzan gertatuko orlako gauzik! (Algara geiagotuaz) Nik ez nuben ill, bañan nik illa bada... (Algara geiagotuaz) Emen dator borrerua!... (Algara biziragotuaz) Orra!... Orra!... (Biziragotu) Nik ez det ill!... (Geiago) Utzi neri pakian!... (Deadarka) Aska, aska neri lotura sendo abek!

(Asnaz larripean, eta algara betean) Aldegin zazu, borrerotzarra nigandik! (Algara ixurtzen) Ez dakizu zer egitera zoazen!... (Algara ixuriyago) Erabakitza berdiña nai det nik! Justiziya! Justiziya! (Itxedon.) Au da Jaunari... (Algara ixuriyago) eskatzen... (Asnaz larri, eta algara ixuriyaguan) diyotana! (Algara garrangatsua) Utzi!... Ni!... Ez!... Bai!... (Algaraz illtzen da, eta erortzen da belauniko lurreratzeko batetan).

 

Euskal-Erria, 1908

 

 

EUSKALDUN BAT

 

(BAKARIZKETA)

 

Iruditegiak aurkestatzen du, Gernika-ko bill-etxe

edo juntetako Jauregia.

 

       Au zoragarrizko leku alai gozakitsua! Au Euskal-erri ederra! Iñor ote da esango lirakenik, zergatik aldendu nitzan urrutiyetara, nere ama Euskeraren aldamen maitakitsutik? Nik ez dakit zer burutara aldiyak izan nituen, nere ama utzirik urrutiratzeko. Ogei urte igaro dira gure izkuntza maitagarriz mintzatu ez naizela, bear beziñ lasaitasun aundiz; bada, ni urte mordoska ortan arkitu naizen tokiyetan, ez da aditzen euskarazko itz bat bakarrik, bañan nik, arreta aundiya izanik gure ama Euskerari, artzantzan nebillelarik, itzegiñ, eta adierazten niyen ardi, zakur, eta nere mendeko abere guztiyai, euskeraz mintzatuaz.

       Asko maite nuben nere ama Euskera beñere bear diña maiteko ez degun ori. (Itxedon) Ai ama! Non dira; non dira zure aberastasun opakitsu aiek? Non dira zure lengo seme zintzo, sendo berdingabeko jakintsuak? Non: Lekobide, Otzoal, Lartaun eta beste gañuntzeko euskaldun ospatsubak? (Itxedon) Berriz zutituko balira, esango luteke, eta arrazoi aundiz, au ez da guk ondorenguentzat utzi genduen Euskal-erri aberats ura. Zer egin dute ordutik onerako euskaldunak? Zer egingo genduen? Ondatu; arlotetu gure euskera maitagarriya. Bañan zer ari naiz esaten? Ez dago orren arlote gure ama Euskera; azkeneko jipoi gogorra artu ondorean, gaixo gelditua izan arren, nork osasunduak izandu ditu. Beti gogoan idukiko ditutan Euskeraren seme, sendakiñ zintzo, Manterola, eta Arzak, gure izkuntza, len esan detan jipoi ondoren sendatu, eta edertzen saio onak egiñik ill ziranak. Ai, aien antzirudiakin egintako kuttun bat kolkuan eraman al baneza! (Itxedon) O, Euskal-erri maitea!

 

              Zuri begira nago

              baña nola, nola,

              lengo antzikan eziñ

              emanik iñola;

              atzo ziñan zorion

              guztiyen krisola,

              eta gaur? gaur bestien

              gisan Española.

 

       (Pixka bat itxedon ta) Zer mintzaera biyotzetikakua izan zuben, au lumari eragiñ arazi ziyon garaian, Ramon Artola lotozkari bikañak! Zer mintzakitsua zan, eta zer egokiro bururatzen zitzaizkan euskaraganako amoriyoz, biyotzaren bultzadaz argiratzen zituben gauzak! Zer biyotz aundiko semea izan zan au ere! Ni ez ote niteke izan, aipatu ditutan oiek bezelakoa? Bai, bai. Zergatik ez bada; ama Euskararen bularmutur bera edozki badegu? Ez deritzot; bañan seme biurretatik bat izan banaiz, fiyo naiz, barkatuko dirazula, eta onez aurrera, ezkeintzeiñ dizut nere biyotza, zuk agintzen dirazun edozer gaietarako, azkeneko odol tantua ixurtzeraño. O ama: ama maitia!...

 

              Non dira zure galak

              zure ixtoriyak,

              ain eder apaindutzen

              zinduzten gloriyak?

              lenengo biyotza ta

              urrena begiyak,

              oroitzean negarrez

              jartzen zaizkit biyak.

 

       Ona; ona ama Euskeraren seme jator Ramon Artola zanaren ixpillu garbiya, onen antz irudia ere, lepotik txintxilik iduki nai nuke, kuttun oroigarritzat, nere kolkuaren epelean, eta geldituko da, osasunak irauten diyon artean, guztiz pozez beterik, eta beraren agintepean, ama euskararen seme... Euskaldun bat.

 

Euskal-Erria, 1909

 

 

GIZON GALANTA

 

(BAKARIZKETA)

 

Iruditegiak aurkestatzen du, baserri on bateko gela nausi
edo sala, bear diran tresna gustiyakin egokiro antolatua.

 

       Ara emen ni, gizon galanta! Ez da bada nekatzen ez naizelako bañan, bederatziren bat arrua izango naiz oker aundi gabe, eta ori, eguna argitu beziñ prest jeikitzen naizelarik nere eginkisunetan saiatzera.

       Badauzkat ukulluan sei bei, esnea ugari ematen dutenak, lau idi, nekazaitzarakuak, bi asto, (Kalkatuaz) neroni bañon aundiyaguak; ez da bada erreza ni bañon aundiyagua izaten, bañan ala dira.

       Ni aundia banaizela uste det zerbait, bañan astoak aundiyaguak dira asto isatez, zergatik itxuraz ere ez naizen astoa, eta ala banitz ere, ikusiko genduke zeiñ giñaken andiyaguak.

       Aserre aldi-en bat izaten degunean, askotan deitzen dit emazteak, (Kalakatuaz) a...stoa; orduan gelditzen naiz uste gabe, erdi txinixtua bezela, bañan ikusten detanian ixpillu aurrez jarririk (Bi eskuakin belarri gañetan siñu eginaz) ez dirala belarri neriak orla mugitzen, esaten det neregan, ez dala egiya izango emazteak esaten dirana; bada orrek esaten diran izena egiya balitz, izango giñake etxian, (Kalkatuaz) astarrak, bi, eta bi asteme, zaspi astakumekiñ; (da esatia) nerekiñ emaztiarenak, sei, eta eranegun jaio zan astakumia zazpi, guztira ondo zenbakitu ezkero, amaika asto; zer asto zalla belardi eder baterako.

       Nere emaztek ez luke edozer belar jango, zergatik dan guztiz kuitizitsua, eta nola astarrak emearen atzetik ibilli bear izaten duben, nik ere bera dijuan lekuraño joan bearko nuke, bada onek aukeratutako belarra ez litzake nolanaikoa izango.

       (Itxedon) Guk izaten ditugun aserre guztiyak izan oi dira beti, bazka berexiyagatik; zergatik eguardiyan etxeratzen naizenian, eziñ jan erazi izaten diyot neri maira ateratzen ditan bazkaritik ezer, nere emazte maitiari; eta orduan asten gera ez ta bai gogorrean batak bestiari amur eman nai ezik, non, nere emazteak bukatzen duben bere esakun guztiya deituaz neri, (Kalkatuaz) a...stoa.

       Orrek ori deituagatik geiegi dakit, ezer jan gabe ez dala egoten ni lanean naizen bitartean; bada egunero, esne, eta beste zerbait baratzakirekin joaten danean errira, musu gorriturik etortzen da etxera bideko ibillirerarekiñ nekatua baletorke bezela.

       Ez diyo nekiak egiten ez, aurpegi gorritze ori, baizik amaiketako onaren ondoren artzen duben pattarrak; bada nere aldamenean jartzen danerako, nabaitzen diyotan usaiez igartzen diyot baraurik etxeratzen ez dala.

       Ez du asko edaten bañan, jakiña dago edari pattarkiyak denik gutxiyena edanagatik, mesede urriyak egiten ditu gure barrunen. Ni astoa naizela?...

       Ni ez naiz astoa; bañan ala izan naiagoko nuke gizon edale barrun kaltegarri bat baño; zergatik beren kalterako gauzik edari bidez ez duten egiten astoak, orregatik naiago det bizi asto antzera eta ez gizon edale pattar kutsuz beren buruak ondaturik bizi diran oien gisan (Itxedon).

       Lengo igandean mezatxo bat entzutera erriratu nitzan, eta arkiturik gutxiyenez ogei urte ontan ikusi ez nuben adixkide batekin, izketaratu giñan elkar diesoldu ondoren; jakiña dan bezela arkiera abetan, galdetu niyon beste gaztetako adiskide batengatik, eta erantzun ziran esanaz ezikan, bi illabete inguru bazirala ill zala edari pattarkiyakiñ ezteak kixkaldurik (Itxedon).

       Ageri, ageriyan dago, edari pattarkiyak kaltegarriyak dirala; abek menderatzen duten gizonari lazterkatzen diyote burunaspiltza edo erotzea, gibel gaixotza edo eztietako erresumintza, eta gaitz aben bidez... Eriotza: bere gaiz etorri bañan len!

       Astoa... astoa!... Giza itxuretxo asko dira gaur, astoak bañon astoagoak.

       (Dana indarrez) Desegin bitez betiko edari pattarki oriyek idukitzen diran edontzi gizon galgarriyak, eta ugari bitez baztar guztiyetan be-ederrak, beren esne koipatsuakiñ umanea indarrez osa dediñ.

       Asko, eta asko gizon dira gaur edariya erabat utzirik, esnea edanaz sendakiñaren agintzez kemen galduak ordaindurik txit osasuntsu bizi diranak.

       Esnea; esnea!... Ugari bedi esnea ezti erresumindu guztiyak ezeturik, indartu ditezen edari pattarkiyan bidez gaixotu diranak.

       Orain saltzen diran ardo pattarkiyetatik Aita Meagher-ek berriro munduraturik edango baluke, luma artuko ote luke esateko ardoak esando balu bezela,

 

              Ni naiz txit gauza gozoa

              eta pozkida osoa;

              beltza naiz ta zuriya,

              illuna eta argiya

              indarra det eta garboa

              eta izena det ardoa?

 

       Ez deritzot; zergatik ikusiko lukien oraingo ardo pattarkiyak ez dirala ark esaten duben bezelako edari osasuntsuak eta indartsuak, baizik, aultasuna ugaritzeko gisakuak; bada gaur nere iritziz erantzungo niyoke Aita jakintsu ari

 

              Eritasun ta nekea,

              kentzeko, bei errapea

              naiz garbi, ta zuriya,

              koipatsu on guriya,

              osasuntzeko eztea

              bei errapeko esnea.

 

       Badin esaten dutenak, gizalditik gizaldira dijuala auldadea ugaritzen; nola ez bada, maltzurkeriyak ere ugaritu eta zabalduak badauzka bideak? Gaur ez dago beste biderik luzaroko osasuna nal dubenarentzat, esnea, edaritzat artzea, edari patarkiyak erabat utzirik, eta onela urte askuan iraungo diyo osaunak, zeren izango dan kementsua naiz ez iritxi izatea ni beziñ... Gizon galanta.

 

Euskal-Erria, 1909

 

 

OSASUNGAIA

 

(BAKARIZKETA)

 

Iruditegiak aurkestatzen du elkar etxeko gela nagusiya,
bear diran tresna guztiyakin egokiro antolatua.
Mai gatetik liburu bat arturik irakurtzen du
Antton-ek aulki eder batean exerita.

 

       (Irakurriyaz) Zer da edari pattarkiya? Umanearen ondamena. Aski da: aski da; ez det aurrera jarrritu nai. Zenbat, eta zenbatek edari pattarkiyen bidez ondatzen du bere burua? Lengo egun batean izandu nitzan nere adixkide bat ikustamentzen, zeña daguen txit gaixo, eta egin niyozkan galdeeran bidez, eta bere erantzueraz, igarri niyon zer gaitzen mendean zeguen, eta zertatik zan bere jatorriya.

       Ori antzeko begi aiek uka eziñekuak ziran; nere orduko iritziya utsegite gabia nola zan, bereala esan niyon mingañaren toteltasun gabe, zu gibeletik zaude txit gaixo, eta urte askuan bizi nai badezu, eman bear dirazu itza edari pattarkiyak utziko dituzula.

       Arrazoi au aditu ondoren esan ziran, eziñ emango zirala itzik, edaririk edan gabe egongo zanik, zergatikan zan bere iritziz beste alderakua.

       Orduan erantzu niyon, ez bazuben uzten edari pattarkiyagan zeukan arreta izugarri ura, lasterkatuko zubela eriotza, bañan nik esaten niyona egitera jartzen bazan osasunduko nubela.

       Gizagajuak zeukan gibela, bere lekutik irtena, eta eztietako errezumiñ izugarriya, jakiña daguen bezeta berriz, auldade aundiyaren mendean, nola ez bada, baldiñ bazeguen goitik eta beetik lertu bearrean artzen zuben guztiya botiaz? Orla bere burua estuasun oietan ikusi arren ere, etziyon zorigaixtozko ardo edatiari utzi nai izandu.

       A gizagajuai Nik nai zinduzket sendatu, bañan, zedorrek laguntzen ezbadirazu, nere saio aldi guztiyak alferrikakua dira, esan niyon; eta alaz guztiyaz ere etzuben nere esanetara jarri nai izandu.

       Zer ote da buru gogurra izatia?

       (Itxedon) Amaika; aserrezko kalte aundiyak ekartzen dituen edari pattarkiya! Au da, au, etxadietan senar emazte arteko borrokagai ikaragarriya! Onek eramaten gaitu arlotesunezko bidera; eta onek, gaixtetxe eriozkiñen artera, eta onek, eroetxe bildurgarriyetara. Askori aditzen zaiena da, ordaindu ezin litekiena dala edari pattarkiya beste batez; bada arrazoi au da guztiz ondeki gabea, zergatik sendakiñen agintepeko gauzak gai ontan egin dituzten guztiyak osasundu diran.

       (Itxedon) Zerekin ordaindu litezte edari pattarki oriyek? Zerekin ordainduko dira? Bei ederraren errapeko esne koipatsuarekin. Onek illtzen du egarririk aundiyena, bañan edari pattarkiyak, zenbat eta geiago edaten dan, orduan ta egarri aundigua ematen du, zeren bat, beragan xebaturik menderatzen duben.

       Gai ederra mendi urrutiyetan bizi diran artzaiyetan arkitzen degu, esnearen ontasun osasuntsuak zenbaterañokuak diran jakiteko.

       Ageri agiriyan dago aben erriratzea nekes-etik nekes-era izaten dala, zeren bizi diran txit urruti edari pattarkiyak diran tokiyetatik, bañan alaz guztiyaz ere ikusten dira sendotasunez berdin gabeko osasuntsu kementsuak.

       Nolatan dira bada, edari pattarkirik edan gabe orren osasuntsuak? Nolatan izango dira? Esnea, ura, baba-zarra eta ardi gazta, jan eta edanik.

       (Itxedon) Langille asko badira esaten dutenak, lanean gogotik ari danak ez lezakiela iraupen aundirik izan ardorik gabe. Zergatik ez? Artzaiak ez al dira bada batere beartzen beren eginkisunetan? Eta, abetatik senbat illtzen dira biriketatik gaixoturik?, Gutxi, txit gutxi, edo iñor ez. Denak, denak irixten dira adinean guztiz aurrera, edari pattarkiyaz beñere oroitu gabe. O, esnea, esnea!...

 

              Zu zera osasunan

              zaitzalle ernea

              barrungo ezekai on

              atsegiñ nerea;

              zuk desegiten dezu

              gaixuen nekea,

              zeralako pattarki

              guztiyen ukea,

              beiaren errapetik

              zatozen esnea.

 

       Bai, bai: zuri zor aundiyak dizkitzu gaur umane guztiyak, zu zera ezte errezumindu guztiyen ezekai maitagarriya; zu, barrungo erapeko mintxoen osasungarriya (da esatia); zerala, edari pattarkiyak pixtutzen duben suaren indar kentzallea.

       (Itxedon) Zer egin ote du onezkero nere adixkide gaixo zeguen ark? Bart arratsian esan ziraten illtzen zeguela eta onezkero illa izango da. A gizagajua! nik esan niyona egin izan bazuben, oraindik aurrerago ere biziko zan, bañan nola bazeukan osoro mendian artua edari pattarki orrek, bere burua illtzera erakarri arte ez diyo utzi beragan zeukan arreta zikiñ orri.

       (Itxedon) Beretzat bakarrik izan bazan bere eriotzaren bidezko kaltegintza, etzan izango aiñ mingarriya, bañan or utzi du guztiz negarti emaztea, bost aur txikirekin ezeren arrimo gabe.

       Orra, orra edari pattarkiyen aurrerakisunak! Noratu liteke orain alargun negartitu gaixo ori? Lanera joateko ere aiñ dago katibu! Eta eskera irtetzen bada? Egiyetako beartsuentzat emana daguen legezko zigorra, arkituko du edozer lekutan jipoatze gogor bat artu dezan limosnaren ordañetan.

       Ea bada nekazariyak; zuen gaiñ dago kaletarren osasunan iraupen guztiya, eta zuen esku gure zañetan dabillen odolaren aberastasuna. Baserriyetan ugaritzen badituzute beiak, ezker aundiyen jabe izango zerate umanearen aldetik. Eta oraiñ... deadar bat datorkit biyotzaren zakon, zakonetik; baldiñ birikaspoak laguntzen badirate, oju egingo det berak ematen diraten indar guztiyakin...

       Umanearen mesederako, ugari bedi... Esnea.

 

Euskal-Erria, 1909

 

 

NEKAZAIYA

Gertaera Donostiyan

 

(BAKARIZKETA)

 

Iruditegiak aurkestatzen du baserri bateko
atariya nekazaitzako tresna batzuek ageri dirala.
Martiñ bere aieri begira txit mingarritxu mintzatzen da.

 

       Noratu niteke orain nere biziera baserriyakin batian bukatu badirate? Zer egin bear det ukulluko bei, eta gañuntzeko gauzakiñ? Nekazaitza guztiya ondatu dute Donosti inguru ontan aberatsen apaindurizko Jauregi, eta lorediyakiñ.

       Baserri maitagarri ontan jaio ziran nere gurasuak, ni, (Negarrez) eta nere ondorengo guztiyak, berrogeita-amar urte osatu ditut lur gozatze onak igaroaz, eta oraiñ ongintza guztiyen ordañez esan dirate, etxia eta lurrak usteko. Zer beargaitan saiatuko naiz ez baldin badakit ezertan? Eta nori salduko diyozkat, arre, aitzur, jorrai eta beste gauzak, baserriyak desegiten asi badira? Nork erosiko ditu? Zatar biltzalleari saldu nai badizkat, pitxar bat sagardorentzat ez dit emango, ematen badit ere; erdiya baño geiago berak edango dit, eta, nik zertarako ditut nekazari izateaz utzi bear badet? Ez dakit; ez dakit zertaratu bear detan. Antxua baliak jaten dubela? Nekazaiya berriz, aberatsak jango luke ez geiago beren begi aurrez ikustearren jaki goxua balitz.

       Gero esango dute nekazaitzak ez dubela batere aurreratzen. Nola aurreratuko du aurrerakisunetako gai guztiyak kentzen badizkigute?

       Gutxiyenez bagera Donosti inguru ontan irurogei baserritar gutxiyago; bada aben guztiyen nekazaitzak malkarrot egin du betirako, zeren ez gindeakien geiago azaleratu, eta nekazaitza galtze onek urrutiratzen du jendea jakiña dan bezela bazka leku obearen billa.

       Gero erdaldun albixtariyak ari omen dira beti berriketa dariyotela esanaz: Ez uzteko iñori emendik aldegiten. Bañan ez al dute ikusten goziak non azia topatu bear dubela? Saiatu nai dubenari zerbaitetan, eragotzi egiten diyote, edo bestela kentzen diyozkate saiatze lekuak apainduri goitiritzizkoaz baztar guztiyak betetzeko.

       Non, edo nolatan ikusiko ditugu nekazaitzako aurrerakisun naikidatsu oriyek? Ote da iñor ludi onen borobiltasun guztiyan, gaur emen arki geran gaiakiñ, gauza miraditsu ori egingo lukienik?

       (Itxedon) Nekazai guztiyak noratu ez dakigula gabiltza, gau illun ekaitzu batean egaztiyak ibiltzen diran bezela, an erori eta emen altxa eziñik.

       Gure biziera guztiya desegiñ dute aberatsak, zaldi zarra putriak desegiten duben gisan, eta ez dago guretzat baztar batian toki pixka bat ere, etxadirako bazka eramateko gisakorik. (Kalkatuaz) Au lana: au lana egin digute guztiya bear duten eziñ aze diran oriyek !

       Gure lur, pallakuz aur baten gisan gozakirotsu ibilli ditugun aietzaz desegiñ gera, ez gintezke geiago jabetu, zeren garbiro eta ezeren kezka gabe esan liteken inguru abetako nekazaitza osoro ondatu eta galdu dala.

       (Itxedon) Au guztiya orla dalarik, biziera berriya arturik bizi bearko det, eta errexena izango da neretzat, zelataritza baldiñ nere gaiak ontzat artzen badituzte, alkate, eta gañuntzeko erri batzarreko jaunak.

       Bañan nola artuko dituzte, baldiñ esaten duten bezela erderaz jakin bear bada, eta nik ez badakit? Au ere, lotzagarrikeri aundiya da Euskal-erri baterako, bada, euskeraz ez dakitenak ontzat arturik daukazkite, eta erderaz ez dakitenak baztarreratzen dituzte utsegite aundi bat balitz bezela.

       Orra; orra nekazaia nola gelditzen dan ez mendirako eta ez kalerako; oraiñ nola esango det len esan oi nuben bezela guk egiten ez badegu kaletarrak nola bizi bear duten? Nik egiñaren zai badaude, tripan somurruak aterako zaizkate.

       Erderaz jakin bear orrek ondatzen nau, bestela bitarteko onak topatuko nituzke Donostiyako plaza zarrean; guztiz adixkide aundi neriak dira Ginda, Gozeti, Praxkuelo eta Botxa, eta abek ere zer esanik ez dago, ezaguera aundiyak artzeko tokiyan igarotzen dute eguna, gaba non igaro bear duten jakin gabe.

       Lengo gau batean topo egin nuben len esan detan toki ortan Motxarekiñ, zeñari esan niyon adiskidetasunaren bitartez, baso bat sagardo edanaz bakallo pixka bat jan ondoren, lotarako garaia zala, eta erakutzi zezaidala lotarako leku bat, zeñak esan ziran bereala, gau batekuagatik iruditzen zitzaiola antzarakeri bat oiaren billa iñon ibiltzia, eta nai banuben, berak egiten zuben lekura joango giñala, eta nik ere merkeago ateratzearren bertatik esan niyon: Azeto alajainkua.

       Gero nik, jakiña dan bezela, gizalegezko ordañak eman nairik esan niyon, beste txurrut bana edango genuela lotaratu baña len, eta Motxak esan ziran sagardotik naikua edan ta arkitzen zala, eta ardo pixka bana edan obeko genduela musian jokualdi bat egiñaz bere lotarako lagun Gozeti, Ginda eta Praxkuelokin.

       Esan bezela joan giñan ardandegi batera, eta edanaz bear baño geiago, an pixtu genduen ixkanbilla gogor bat non sortu zitzaigun txilbor gañian argiya zeraman gizon bat, zeñak makilla gora jasoaz esan zigun, joan gintezkiela berak agintzen zigun lekura.

       Nik ez nekiyen zer gertatzen zan, bañan azkar igarri niyon gauz onik etzitekiela gertatu gure artian; nere gau artako oia gogorra izan zan, txurikin gabeko laztaida, nere orditasun guztiyakin ere antza eman niyon arri otza zala neri etzan lekutzat ziñalatu ziratena.

       Etzan baño lenago berriz, eman zizkadaten zigorkada batzuek, non iruditurik gobara jotzeko arriya nitzala eta gari jotzen ari zirala, esan niyoten, obeko zutela aski egiñ, zergatik zeguen egualdi txarra laztoa metatzeko.

       Urrengo egunian etorri zitzaigun gizon bizar zuri bat, eta esan zizkigun nai zituben guztiyak, nik uste nuben makilla gora jasoaz asi zanean berrirotu bear zubela aurreko gabeko gari jotzea; etzan ontara iritxi, bañan gau artako lo lekuak merkian garestiya jo ziran neri.

       Irteterakuan ala diyo len esan dedan bizar zuri orrek, ogeita bosna pezeta da zuen eman bearra, eta ematen ez dubenak bereala Erregiñaren auzotar izan bearko du Antigua- ko ondartzan daguen ostatu aundi artan.

       Au aditu niyon ondoren esan niyon, lenbiziko gaba zala ostatuan igaro nuben ura, eta iruditzen zitzaidala geiegi kentzen zirala arri gañian lo egitia.

       Nere leiatze guztiyak alferrikakuak izan ziran, etzuben gutxiyagotu nai izandu eskatu ziranetik txakur txiki bat ere, bañan nola nere mendian etzan arkitzen ainbeste diru, eraman ginduzten gau artako erapeko guztiyak Antigua-ka legoi kaiolara bazka truk, pixti ezitzallien mendera. Bost egun antxen igaro nituben nere etxeko iñor ikusi gabe, zergatik nere emaztiak uste zuben nere gurasuetan nitzala baserriyakiñ zer gertatzen zitzaidan esatera joana.

       (Itxedon) Uste baño geiago edan gendubelako, lapur, eriotzgille eta gaizkilliak katibatzen dituzten lekuan iduki ginduzten erdi goziak!

       (Azkar xamar) Ai, nere baserri gaixua ! Zu gabetu nitzan ezkero, nere biyotza eta bere auzo lagun guztiyak pake gabe bizi dira borroka biziro biurrian! Zer arrimo topatuko det orain, eta noratu niteke? Berrogei ta amar urte lur maneatzen igaro ondorengo sariyak dira abek! Nik zer egin det nere bizi gisa orrela kentzeko! Ez al diyozkat nagusiyari errenta guztiyak zintzo eraman bear dan garaian?

       A, Jaungoiko altsua; arren da arren eskatzen diyot nere biyotzaren otoitzpidez, nere buruari eman dezaizkala oraindaño opatu diyozkan kemen argitasunezkuak, eta ez baderitzo ala...

       Osa bedi berorren borondatia!

 

Euskal-Erria, 1909

 

 

NERE DIRUAK

 

(BAKARRIZKETA)

 

                            Gregorio Beorlegi-ri:

                     Ero algara Beorlegi-k dit

                     apaindu txaloz ugari,

                     orrengatikan diyot eskeintzen

                     Nere diruak berari.

 

Iruditegiak aurkestatzen du ganbara zar bat;
aulki ta armariyo pipiyak zulatutako baten gañian
edontzi zikindutako batzuek dituela.
Bakarrizketalariyak txantxotu bearko du
jaka luze bat da espartzin ajatutakoekin,
irurogei urteko gizon bat balitz bezela.

Urgunka irixten da aulkitzarrera ta poliki poliki exeritzen da.

 

       Au lana, ta au nekia! Aski diru izan ondo bizitzeko, ta ala ere eziñ. Mutill zarra izatiak alderdi urriyak oi ditu. Zertarako det dirua iñoren laguntza, ta pallaku gabe bizitzeko? Emazte baten jabe egiñ izan banitz garaiz, ez nitzan gaur arki naizen bezela arkituko pallaku xamurki bat nork egiñik gabe.

       Oso gazterik irten nitzan etxetik, Amerikara joateko, ta an urte batzuek igarorik nekepean, egin nitzan zerbait diruren jabe, ta andik etorri nitzan nere jaioterrira senidien artera ustez, bañan, zer zorigaixtua! arkitu nitzan guraso ta seniderik gabe.

       Nola iñork etzekiyen nere arkibiderik, iñorgandik ez det izan aien ill berririk, ta ikusirik dirua beste alderdirik ez neukala, bururatu zitzaidan onera etorri nitzanian, bakar bakarrik nere gaiñ bizitzia ganbara zar ontan.

       Iru urte dira Amerikatik etorri nitzala, ta bi izango dira gutxi gora bera gaitzak atxitu ninduela.

       Geroztik gau t'egun neregan dauzkatan oñaziak ez dirate pakerik ematen, bart arratsian ere, oieratu ta pixka bat berotu nitzanerako, min gogor batek eldu ziran eskuiko belaunkatillutik asi, ta ixterraren goenerañokuak.

       Gero orrekin bakarrik aski etzalarik, aldatu zitzaidan miñ ori, alderdi bereko bular gañera, ta bular gañetik saietsera, ta saietsetik nik ez dakit nora. Orla bizi baño obe luke batek ezkondu. Bañan, norekin? Nor da nere zale? Non ta nik dauzkatan diruz norbait ez dan itxumentzen, ez dakit ni bezelako elbarri baten jabe zeiñ egin liteken.

       Adixkide batek esan ziranian ezkondu izan banitz, gaur nork ondo zaitua izango nuben, bañan norekin diruak erdizkatua ere bai, ta nola nik bakarrik nere izerdi ta nekiakin pillakatu ditutan diru oiek, ez det nai izan nere aldamenerako iñor ekarri. Gaur damu det, bañan alferrik.

       Oek oñaziak! Sendakiña ekarriko nuke, bañan nola oien etorrera izan oi dan oso galeztiya, obeko detala uste det nere gisa igortzi batzuek ematia, oliyo erriakin.

       Ta, oliyorik ezpadet zerekin igortziko det? Oraiñ oroitzen naizelarik, zortzi bat urte izango dira Amerikako mendiyetan artzantzan nebillela gaixotu nitzala oraintxe beselaxe oñaze gogorrakin, ta, esan zirala nere adixkide batek ubilla gaitza zala nik neukan miña, ta joan nedilla sendakiñ batengana al nezakien lenena. Nik orduan ere nere gordallua maite izaten nuben, ta igaro nituben nere oñaze aundi aiekiñ ogei bat egun bai oker aundi gabe; bañan ikusirik gis artan ez nezakiela iraun luzaro, goiz batez nagusiyari baimena eskaturik jetxi nitzan errira zaldiz, sendakin baten iritziya jakiteko asmoan.

       Ez nezake esan zenbat ordu igaro nituben bidian, bañan bai, oñaze ikaragarriyak mendean gogorki iduki nindutela sendakiñaren etxera iritxi nitzan bitartean.

       Zer ordu mingarriyak izan ziran aiek neretzat! Oroitzeak berak ere, ikara ematen dit! Bañan gaur, non nago? Ementxe, ganbara zar ontantxe bakar bakarrik nork begiraturik ere gabe, negarra daridala. Zertarako det dirua? Onen arlote bizitzeko diru bearrik al da? Dirua! Dirua! Zorigaixtozko eguna izan zan diruak mendean artu nindueneko ura!

       Ez al zan nere mesederako izango emakume pallakuti xamurkitsu batek berengandu izan banindu garaiz?

       Negargarrizko egunak daramazkit iru urte oetan, ta ez dakit zertaratuko naizen. Ai oek oñaziak! Jauna! Noiz errukituko ote zera nitzaz? Ez nazazula utzi arren, zure eskutik! Barkatu, barkatu ezer gaizkirik egin badet! Oñaze oek kentzeko sendakairik ez ote det arkituko iñon? Iñor ez ote da etorriko ni naguen lekura? Zeiñ etorriko da nigana, etxe arlote ontara? (Ukalondoan eskuiko eskua jarririk.) Ai, ai, ai, ai! Oek oñaziak! Orain emen! Oraintxe gorputzaren aieka guztiyak arrapatu dizkit miñak. Nori deituko diyot oraiñ? Alderdi bat bakar bakarra ikusten det ustez nere mesederako. Amerikatik ekarri nituben edontzi batzuetan izan bear ditut ustu ezpadira beren gisa, edari ta igortzigai onak, baldin mintzera egiñ ezpadute. Nuan ikustera. (Altxatzen asten da ta eziñik erortzen da aulkira.) Au lana! Eziñ altxa; ta oñaze oek, zerekin kenduko ditut altxatzeko kemenik ezpadet? (Ojuka.) Bearra! Bearra! Atozkit zure indar guztiyakiñ, ta lagun zadazu. Zure bear naiz, ta atoz aguro!

 

Bigarren saiua egiten du, ta altxaturik joaten da
urgunka edontziyak dauzkan lekura.
Batek, ezagungarritzat, dauka ipiñiya ingi muttur batian
erderaz:
Para uso externo. Ta ekartzen du
len exeri ta egondu dan aulkira. Exeritzen da.

 

       Bearrak lagundu dit, eta ona nik bear nuben sendagaia. Au da, bai, Para uso externo. Ontatik pixka bat edan ezkero, oñaziak upaketuko zaizkit. Au da, bai, edan bear detana, ta beste orrekiñ igortzi. Edango det bada ta, ia zorionerako izaten dan. (Eztalkiya kendurik edaten du.) Noizpait bear ta oroitu naiz zerekiñ sendatu nitzan Amerikan. Au da ainbeste mesede egin ziran sendagaia, bestela ez dakit onezkero lurpean ez ote nitzan izango. (Oñaziak geiagotzen zaizka.) (Deadarka.) Ara! Ama! Ai ama! Ai, ai, ai, ai! Len bañon oñaze geiago. Au lana! Au lana egin det!... (Deadarka) Okerrekua edango nuben. Bai, bai, okerrekua izango zan, bestela gutxiyagotuko ziran oñaze oek. (Txilbor gañian eskua jarririk.) (Deadarka.) Ai, ai, ai, ai! Zer egin det? (Larriturik eta karraxika.) Ai, ai, ai, ai! Nere diruak, nere diruak. (Deadarra aultzen dijua.) Ai, ai, ai, ai! (Gorputza bigurrika jarririk erortzen da zilipurdika illa.)

 

Euskal-Erria, 1915

 

 

ZEIN DA NERE ZALE?

 

(BAKARRIZKETA)

 

Iruditegiak arrekestatzen du Enparantza (Plaza)
alde biyetara karrikak dituela...

 

       Bakarrik nago; ala dirurit beintzat eta txinixtu egin bearko det, zergatik iñor ageri ez dan nere inguruan.

       Betiko ametsakin burua zakarki arki zait gabetan bezela egunaz, eta lo naguen garaian ere badirudit urrutiyetan nabillela nerea ez danaren billa. Zer nere, ta zer porru lore? Agiyan noizpait izan al naiz zerbaiten jabe? Nondik edo nola? Zerbait eskuetaratzen detanian ere, badirudi aizeak eramaten dubela aztaputz lorea aizeak bezela.

       Gis ontan, nola niteke bein bedeik zerbaiten jabe izan? Ukabilla ez badu batek sendoki eztutzen eskuan daukan gauzari zintzo euzteko, ez lezake gauz onik erakarri beregan, guztiya aldenduko zaio ezertaz oartu baño len.

       Arlote jaio nitzan, ta obetoagotu ez det oraindik nere bizitz gairik. Arlote! Arlote! Ni arlote?

       Agiyan alkatia bera atorra zillarrezkua soñean jantzirik sortu al zan? Ez, ez; gerora pitxi ederrez apaindu zuten au ere; bañan ni, ez len, ez oraiñ, ta gerora ere galtzak bete lan izango det, zergatik zuloz betiak dauden dauzkatan zar oek galbai bat bezela. Bakarrik naguela? Ta, zein da nere zale? Nork nai lezake ni bezelako alfer bat? Ta, zertarako?

       Askori aditzen saie nigatik, bakarrik izateko obea naizela; arrazoi dute bai, bañan, norbait egingo balitzake nere jabe, ez ote nitzake zuzenduko pixka bat?

       Alaja ederra jaunak! Alaja ederra artuko luke ni artzen nauenak, ta nigan zaletuko balitz iñor, kezka aundi gabe esan lezake edozeñek; etzeukan emakume orrek aukera aundirik ez.

       Bañan, zer? Bi urte oraindik ez dira izango andregai baten jabe nitzala. E? Zer esaten ari naiz? Jabe? Ez, ez; aren jabiak, gurasuak ziran; bañan ondo goguan daukat, egun batez elkarrekin bere etxe atadiyan geundela nola abeztu (kantatu) ziran (ez dakit zergatik) bañan antz emango diyozute gutxi gora bera noski ta, oroitu nadiñ illunabar artako gertaeraz kantatuko dizuet baldin eztarriyak zapuzkeririk egiten ez badit. (Eztarrirari marrant otsak ateriaz.)

 

              Nagusiya begira

              daukagu goitikan,

              pakian utzi zadazu eta

              zoazkit ortikan;

              zuk ez dakizu zer dan

              oraindik lotzikan,

              ez dezu eramango emendik

              zankoko otzikan.

 

       (Algaraz) E? Zer iruditu zaizute? Ikusten dezute zenbaterañoko arrua zan neskatx ori? Oek guztiyak orla diralarik, zein da nere zale? Erritar denak jakiñan gañian daude zenbaterañoko alferra naizen, ta nork artuko nau? Emakume etxerakoiak ez beintzat.

       Ez dago, ez dago; nonbait neregana zaletasunez erakarri nai badet, musorrotu egin bearko det zein naizen ezagutu ez nazan.

       Ustez nere andregaitzat neukan orrek eman zizkidan arrazoi zulakor aiek, eziñ zaizkit iñola ere aztu. Zer erezi mingarriyak abeztu (kantatu) zizkidan! Lengua zornetsua izango zan, bañan oraiñ kantatuko detan onek batere zorrik ez diyo beste orri.

       Ara nolakua dan bera.

 

              Alferrikan zabiltza

              zimikoka neri,

              aspalditikan ondo jakiñik

              nago zure berri;

              zurrutez jartzen zera

              biurki ta eri,

              zure ordañez naiago ditut

              etxian bi zerri.

 

       (Algaraz.) Arrazoi oekin, nork ez du far egingo? Bañan, bakarrik... Ta, zein da nere zale? Al banu langilletuko nitzake, bañan eziñak nauka alferkeriyaren mendean: Ta, zertarako langilletu? Astoa bezela erdi gozeak makillan mende bizitzeko? Ez, ez; zerriyak etzanda egonian, lasai, lasai bizi oi dira, asto langilliak baño obetoago gurituaz.

       Nik ezin detana; bada zerriyak langilliak balirake, beren jabiak ez lituzke alferkeriyan guritzen ta gizentzen idukiko, emaztea baño geiago maitatuaz; aiñ neurri gabeko berekoiak dira baserritarrak, non guztiya egiten duten, txintxiñagatik.

       Ni ere nerekoia naiz, ta gañera, arrazoi onegatik alferra; nere bururik ikusi nai ez detana lanean beartu ondoren elbarriturik ezkerreko zankua eziñ alcharik. Lengo oiartzuar batek esan zubena: «Gizona beti gizon duk saskikpetik ere alazankuak salba nazala». (Pixka bat itxedonta.)

       Bizilagun baten billa nabill aspaldi ontan; bañan, zein da nere zale? Nor arrimatuko da nigana? Nork naiko du ni bezelako bat bere aldamenerako? Emakume gibel aundiko asko ezagutzen ditut, bañan, orrenbesterañokua dubenik, ez deritzot iñon izango danik.

       Ez dago, ez dago; ez da iñor nere zale, alferrarentzat iñondik gauz onik ez. Au lana! Ta beti bakarrik! Jatorritikako aberastasun gabeko alferrak, beti izango du arlotekeriya nagusi.

       Nik ez dakit zertara jo bear detan! Lanerako gogorik ez det, zergatik ezur nausiko miñak usten ez diran, ta esku txaplanak illez betiak dauzkatan.

       Amerikara joango ote naiz? An ere alferrarentzat, ematen ez duten lurrak izango dira, ta nik naiko nuke, nekerik gabeko irabaziya neretzat.

       Alfer, alferrik itzegitia da; oraindaño lanik egin gabe bizitu naiz, ta onez aurrera ere, ala naiko det jarraitu biziyak irauten diran arte.

       Nik lan egiñ? Zertarako? Ni bañon alferraguen mesederako? Ez, ez; lanean beartu ditezela beren burubak mesedeturik ikusi nai badituzte. Alferra izateko aski naiz bakarrik.

       Bañan, lagunakiñ gaizkiyago izando al nitzake? Ori, ori; ta zein da nere zale? Bizilagun bat banu... zertarako, ta norako? Bakarrik obeto det bizi oraindaño bezela; bizilagunakin bizitzeko, gaur asko erosi bearrean arkitzen da bat, ta ni ez niteke ezer erostera jarri, eguneroko ogiyarentzat diña irabazten ez detalako.

       Nola irabaziko det ezertara saiatzen ez banaiz? Ai, au lana! Ez dago neretzat gaur onik, ta onla bizi baño obeko luke batek ezkondu. Ta norekin? Zein da nere zale? Onenbeste naspilla, ta iñork niganako maitasunik artzen ez dubelako, buru guztiya borroka biziyan daukat.

       Erotu!... Ta zein ez da erotzen! Oraindiño ajolik gabia izan banaiz ere nere alperkeriya bitarteko dala, oraiñ ajola guztiyak batetan sortu zaizkit.

       Au nekia! Inork ikusi nai ez erriyan, begiko zakarra baño geiago! Nora aldegingo det? Nora joango naiz? Urtara botako det nere buruba? Oiera obe ni bezelako alfer batentzat. Urkatuko ote naiz? Bañan urkatuko banitz, nork naiko ninduke? Ta, zeid izango litzake nere zale? Naiago nuke nere ordañez norbaitek egingo balu eginkisun oietako bat, zergatik alferra naizen, ta alfer onek ez lezake iñola ere egiñ, guztizko lan aztuna dalako.

       Nuan, nuan; ia ordezko-en bat topatzen ote detan. (Abiyatzen da lasterka ta erortzen da, zilipurdika, iruditegiko goi xamarrian.)

       (Deadarka.) Ai, ai, ai, ai. Laguntza... laguntza!

 

Euskal-Erria, 1915

 

 

SORGIÑAK

 

(BAKARRIZKETA)

 

Iruditegiak agertu bearko du moldatua, etxe arlote bateko
gela baten antzera; aulki zar laztozko ondodun
iru edo lau-rekin, ta laztaida azal bat lurrean,
txurikiñ gutxirekin, mai zar txiki bat
baztar samarrean ta kopre zarpaill bat.

Bakarrizketagillea agertuko da eskutazapiya goratzean
laztaida zarraren gañean zear etzanean.

 

       Ez daukat pakerik! Au eziñ lo egiña! Gaistakeri-en bat egiñ al det beti onela bizitzeko? Bear ez bezelako gizon-en bat izana al naiz gazte nitzanean? (Abo zabalka altxatzen da). Ez det uste; bañan zerbaitek erakartzen ditu nigan orlako ez bearrak, ta gañera, zerbait biurkeri egiñ badet ere noizpait, zer eskubide daukate nere gaiñ sorgiñak? zergatik orrenbeste jipoatzen naute?

       (Larriturik). Ona; ona non dabiltzan orain ere zuriz jantzirik, zintzarri aundiyai otsa ateriaz. Au ixtilua! Ta beti sorgiñak nik bear nukean pake ederrari belarriyak eten bearrik, teinkaka dabiltza une batian bakarrik geldirik egon gabe. Au nekea, ta au eziñ egona!

       (Pixka bat itxedon ta). Nolazpait ere lasaitu naiak norbaiten billa nabilki nere gogoak; eta ala, gaur eguardiyan adiskide batekin topatu naizen beziñ azkar esan diyot zer gertatzen zaidan, ta zer gaizki bizi naizen sorgiñ tarterik eziñ ateriaz, bañan onen erantzunak ez dit gogorik aze.

       (Karraxika). Ona, ona! Ai au lana! Nora joango naiz? Ez al da emen inguruan iñor ni estuasun oetatik lasaituko nauenik?

       (Sorgiñak elduko baliyoteke bezela oso larriturik deadarka). Ama!... Ama! Atozkit azkar, lagun zadazu; zure bear naiz. (Sorgiñai esango baliye bezela). Zoazte, zoazte nigandik! Pakia, pakia nai det! Nik zer egin dizuet orrenbesteraño jipoatzeko? Nere gizagaiak orren txarrak izan al dira oraindaño? Agiyan lapurreta, edo eriotzen bat egiñ al det noizpait?

       Au lana! Au lana! Utzi zadazute beso biyetatik elbarritu baño lenago!

       (Itxedon). (Aldamen guztira begiratuaz). Badijoaz, badijoaz! Oraiñ zer egin bear det nik? Nuan, nuan nere laztaida zar gañera lotara, baldiñ sorgiñak usten badirate; bañan, nola lo egingo det odol guztiya zornetu badirate? Dirurik banu, kandel bat erosi, ta erretzen jarriko nuke baztar batian, Arantzazuko Amandrearen izenean.

       Egun bat onik eziñ det igaro sei edo zazpi illabete oen barrunbian, ta gaixotu nitzalarik izango dira lau bai gutxi gora bera, ta lo gozorik egiten ez detala berriz, berrogei ta amargarren eguna gaur osatuko zan.

       Zergatik etorri ote nitzan Amerikatik diru geiagoren jabe egin baño lenago? Amabi urte igaro nituen oso zintzo erririk ezertarako ikusi gabe, ta egun batez nere zorigaixtoz jetxi nitzan erriya nolakoa zan ikusteko intziriz, ta oraindik zorigaixtoagoz erriratu ondoren ikusi nuben ontzi eder bat Pasaiko kaira etortzeko asmoan zegoana, ta intziri aundizko eziñ egonak menderaturik, etorri nitzan erri aietaz azperturik nerera; geroztik dira nere bizi gaietan gaur ezagutzen ditutan ez bearrak eta sorgiñak.

       Onera iritxi nitzan lenengo egunetan, ezagun ta adixkide asko etortzen ziran ni ikusdatuaz nola arki nitzan galdetzera; ez errikoak bakarrik, baizik baserritarrak ere etorri oi ziran, seme edo aide, an zituztenen berri jakitiatik.

       Gerora, andik ekarri nituen diru pixarrak aitu zitzaizkidanean, nere ikusdariyak joan ziran poliki, poliki urrutiratzen nigandik, ta karriketan ikusten nindutenean ere begi zearka begiratzen ziraten, zerbait txarkeri egiñ baniye bezela.

       Arrezkero dira nere gaizki izateak, eta lagun ta adixkidien begiratu naiez-ak ere; iñork ez dit lagundu nai ezertan, ta iñor ez dator nigana diru jabe nitzala zeritzotenean bezela.

       Dirua! Dirua da erabilkairik pizkorrena ta gizartean geiena maitatu oi dana; bada gaur diru jabe arki banitz oneratu nitzan egun aietan bezela, auldadiak ez ninduen orrenbesteraño menderatuko, ta sorgiñak etziraten, ematen diraten ainbesteko jiporik emango.

       Noiz, noiz izango ote da pakiak besuak zabalduko dizkidan eguna? Noiz errukituko ote da nitzaz Jaungoikua? Orrenbesterañoko gaixtua izan al naiz bada Jauna, jipoapian dauzkatan gai urriyak katibatzeko?

       (Belauniko arrenduaz). Jauna! Jauna! Erruki bedi nitzaz, eta zorionaren egalpea musutzen utzi bezait! Au da otoitz onen bitartez nere biyotzak eskatzen diyon mesedea! (Altxatzen da poliki poliki esku biyak elkartuaz).

       Oraiñ ere emen datoz intxisuak, sorgiñ zitalen aurrelariyak, pake maitiaren ondatzalle petralak, nere odolak irakiñaz zorne pikortuaz arri biurtzera, ta osasunaren zañariyak uztelduaz maxutatzera.

       Nola biziko naiz luzaro, pakiak laguntzen ez ditala? Ez al da obe lenbailen iltzia?

       (Larriturik). Ona emen berriro; sorgiñak dira, sorgiñak nere billa dabiltzanak ta pakerik eman nai ez diratenak. Utzi, utzi! Ni ez naiz, beste ori da. Bañan zein beste, bakarrik banago?

       (Bere errañua ikusirik oso larri). Ez nago bakarrik ez; orra or beste beltz beltz ageri dan ori; orrekin nai dezutena egin zazute, utzirik neri pakian.

       Ai, ai ai... Zer da nere zankuetan nabaitzen detan dardara ikaragarri au? Nik egin ditutan otoitzak alperrikakuak al dira? Oñak txingurriz betiak baleude bezela dauzkat, eta berriz ere badirudi sorgiñak...

       (Asnasik eziñ arturik bezela). Bai, sorgiñak dira berriro besotik eltzen diratenak. (Ojuka). Zoazte emendik! Pakian bizitzen utzi zadazute! Erotako ote naiz? Ez da gutxiyagotako ere neri gertatzen zaidanarekin. Ai au lana! Au nekia! Au eziñ upaketua! (Pixka bat egonta). Nuan, nuan. Bañan, usten al dirate oñ aldaketa bat egiten?

       Gaur, gaur ikusten ditut nere inguruan beñere baño ugariyago erlauntzan erleak bezela; ta zer gogor eltzen diraten.

       (Larritasun aundiz). Ez orrenbesteraño eztutu, utzi lasaiago! (Lepora bi eskuak eramanik). Ez ito!... Ez ito!... Utzi!... Utz...i! (Guztiz marrantatsu). A... a... a!... (Erortzen da gorputz biurka lurrera).

 

Euskal-Erria, 1915

 

 

AIDEKO TXORIYA

 

(BAKARRIZKETA)

 

Iruditegiak izan bearko du moldatua, lotarako gelan antzera,
oia ta gañuntzeko bear diran tresna gustiyakin.

 

       Ez daukat zer galdurik! Nola izango det bada, billutsik jaiua banaiz?

       Sei urte badira gutxi gora beera gurasuak bidaldu nindutela sendakintzako ikasdaritzak egitera, bañan nere goguak ez dira gai oietarako luzatzen diranak.

       Nagitasunak, eta alferkeriyak menderatzen naute, ta ezin diyot nere buruari eman, bear nukien azkatasunik, nai aña jakitera iristeko.

       Ai, ama, ama! Zergatik egin ninduzun onen alferra? Al banu izango nitzake lanerako arreta geiagokua, bañan ez dakit zer gertatzen zaidan; zelairik ugariyenak baño, kalabaza geiagoren jabe egiten ditut nere gurasuak sei urte oetan.

       Amaika bider esan dit maisuak; purra pullino, ladrón del pan de tus padres, zuquete; arrazoi oek beti iduki oi ditut goguan, bañan aztutzat idukiko banitu bezela dira guztiyak.

       Au lana! Au lana! Jesus! Ez al dirazu liburuak zabaltzeko, daukatan baño indar geiago emango, gauden illaren barrunbian kandel argiyakin betilliak kixkalduko baditut ere, zerbait egiten saiatzeko?

       Liburuak! Liburuak! Bañan, non ditut? Noratu dira, edo aizeak eraman al ditu? Oek ere esku aldatuak dira: an egongo dira, rastroko apaletan edo autzez eztalirik lurrean zoko batera baztartuak, ta guztiya, zergatik? Aideko txori batengatik; bai aideko txoriya!

       Emakume zirtzill bat da nere biyotzari ezpata zorrotza sartu diyona ta burua korapillo sendoz lotu dirana; bañan, zein da txarra, au edo ni? Nik zergatik ez diyot gurasuak jarri ninduten bide legun, ta ederrari jarraitu? Ez al det nik, jipoa, jipoa egitia merezi? Nere eginkisun jatorrak non zeuden, liburuetan edo emakumetan? Ta, griña kalte aundiko au aski ez dalarik, Jorje belarri luzeak ere beregandua nauka, ta joan berriya dan illaren azkeneko egunean, gurasuak bidaldu zizkiraten diru, etxekoandriari zorrak kitatzekuak ere, ni konturatu nitzanerako kendu zizkiran ijito lapur orrek.

       Ta, orain zer egin bear det nik? Zer esan bear diyet nere gurasuai? Asmatuko det; ikasdaritzan gabiltzanok gezurrak asmatzen iaiuak gera ta. (Piska bat itxedon ta.) Paper mutur bat baneuka, berela egingo nuke nere gurasuentzat, neretzat ongi etorri litekien eskadi bat, eta etxekoandriari ere ez litzaioke gaizki etorriko.

       Bañan ona, zer esango diyot niganako aserre arki bada? ta, nola ez da egongo aserre, iru illabete oetan zorrik kitatu ezpadiyot?

       Gaur goizian ere mutur goxua jarri dit gozariya eskatu diyotanian; ta nik ezagutzen det arrazoi aundiya daukala, bañan, zer egingo det, aideko txori, ta Jorjek kentzen badizkirate, etxekoandriari eman bear diyozkaten emaitzak?

       Kalte aundiyak datoz neretzat! Pakea urruti dabill nigandik! Onla bizi baño obe luke batek!... Jesus! Jesus! Zure laguntza bearrian arki naiz! Damutasun aundi batek, lertzeko zoriyan nauka! Ez daukat noa joa-nik! Zer egingo det! Nere burua urkatu! Ez, ez; orra zertaratu naizen.

       Libururik ez, ta soñeko guztiyak urratuak dauzkat! Etxekoandria aserre ta gurasuak nere berri gabe! Alferrak iñondik gauzonik ez! Bide guztiyak arantzez josiyak arkitzen ditut! Ez ote dit beiñ edo beste illargiak zuzen argi egingo?

       Ama! Amai Barkatu ez det geiago egingo oraindaño bezelako biurkeririk. Onez aurrera ona izango naiz, baldin Jaungoikuak bere naiez ortaratzen banau; itz onek indarra dezala.

       Etxekoandre; betor nigana, ta aditu bezait guztiya! Oraindaño esan dizkaten gezur guztiyen ordañez, oiek denak eztali, ta garbituko al zaizkit, neretzat zikin zeuden bide lakarrak.

       Aideko txoriya! Aideko txoriya! Zu izan zera neri kalte oek ekarri dizkiratzuna; bañan orlakorik gertatuko al zitzaiden txori orreganuntz begiruna jarri nubenian, liburuetara begiratu izan banu arreta ta griña aundiz? Ez dut uste. (Dei-ka.) Etxekoandre! Etxekoandre! Betor nigana! (Pixka bat itxedon ta.) Ez du etorri nai. Au lana! Au lana! Noratu niteke oraiñ! Au egarriya!

       (Artzen du pixontxiditik urakin dagun txarrua.) Mingaña lokaztua baneuka bezela daukat, eta ez nago nere onetan! Buru guztiya kixkaltzen daukat berotasunan indarrez, eta biyotza bere lekutik irtena.

       (Txarrora begira.) Zer dago emen? Bart arratsean ipiñi ziraten ur epela da bere txalburu ta guzti, ta onek ez lirake egarririk kenduko. (Usten du berriro txarrua.) Ez ote da etxekoandria etorriko? Uste ote du zorrak kitatzeko asmorik gabe nagola?

       Nere gurasuak oraindaño egin izan dituztenak kitatu oi dituzte, ta nik oraiñ egiten ditudanakin ere, ez deritzot iñor kaltepean utziko dutenik.

       Au berua! Ezte guztiyak badirudite, erresumindurik dauzkatala, Etxekoandre! Betorkit aguro ur presko, preskoakin; bestela egarri geiegizko onek itoko nau.

       Betor, betorkit; etzaio damutuko ta! berdinduko dira eztuasun ontatik ateratzen banau.

       Ibili bedi azkar, ta ager bedi nere aurrera, ni egarriyak ito baño len. Ez da ageri! Au lana! Au lana!... (Pixka bat itxedon, ta artzen du berriro txarrua.) Epela bedeik, edan egin bearko det, ia mingain gañeko loia kentzen ditan; onla ez nezake luzaro iraun. (Txarrotik edaten du.) Epela ez; berua da au! Badirudi su gañean lagatzetik zintzilik egona dala. Onek ez lezake egarririk ill ta mingain zikiñik garbitu.

       Ama! Ama! Berorrengandik urruti izanak, orra zenbaterañoko kalteak niganatu dizkitan. Berorrek eta aitak ipiñi ninduten bide zuzenari jarraitu izan baniyo, gaur jaun aundi bat izango nitzan, ta orain, zer naiz? Orain ezker gabeko ume petral bat.

       Ai, au lana! Zer da nigan gertatzen dana? Oek otzikarak! Au berotasuna! Au eziñ egona! Ama!... Ama! Ezin det geiago! Eriotzako sega beltzak eten dizkit biyotzeko zañak! Au egarriya! (Balantzaka inguratzen da pixontzi maira ta artzen du txarrua.) Au mingain legorra! Au loia! Edan! Edan! Bañan zer? Ur zikiña! Nork?... Nork ekarri dizkit zorigaitz oek guztiyak?... (Dardaizoka txarrua ezpañetara darama.) Aideko txo...ri...yak! (Ezpañetara txarrua jasotzen duben beziñ azkar, erortzen zaio lurrera ta bakarrizketa-lariya ere eroriko da zilipurdika illa.)

 

Euskal-Erria, 1916

 

 

MARI

 

(BAKARRIZKETA, EGINTZA LABUR BAKARREAN)

 

Iruditegiaren antolaketa izango da lo-gela pollit bat.
Egintariya agertuko da mankutzik oiaren gañian exerita,
jaiki berriya balitz bezela, Mariren ekantza eskuetan dubela.

 

 

TXOMIN BAKARRIK

 

       (Ekantzari musuka.) Onek, onek ekarriko du nigan zoriona! Au da nere biyotzaren poz emallia, ta etorkisunaren bide lasai ta egokiya! (Musuka.) Zorioneko Mari! Zu gabe, ez niteke luzaro bizi. Zu zaitut, errotak ura baño bearragoko gai naigarritzat zauzkatana, biyotzaren ezekaitzat loreak intza oi duben bezela.

       Nik ez dakit zure ontasun gaiak noraño goratu nitzazkian; bañan badakit txit ondo, nere opadi aundiyaren naierak ez nituzkiela osatuko.

       Eskalleran gisako zerbait tresna arkiko banuke nere begiyen aurrean, ogei-bat mallaz gora ipiñi arren ere, goragoko leku bat billatu bearrian arkiko nitzakela uste det, zure biyotzaren gai loratsu oiek, apain ta dizdiratuz ager ditezen, intza malkoz, udzberriyan landareak bezela.

       Zuk eragiten dizkiratzun ametsak, zoratzen nabilkite esna nabillen guztiyan, nere eginkisunez azturik; ez det ikusten zu besterik lo egiñ ondoren begiyak zabaltzen ditutanean ere.

       (Musuka.) Ai, nere Mari! Nere kolkoko epelean gau guztiya igaro dezun ekantza! Zuk, zuk zoratu bear nazu osoro! Biyotza gaixotzen asi baño lenago, ekarri bear dirazu baldin zure borondatia ala bada, zure maitasun baratzako lurrak ematen duben belar zaiñ goxotik exkutada bat, maitasun miñari oker biderako indarrak kentzeko.

       Zuk bakarrik senda zenezake nere miña! Egizu bada alegin guztiya, nere izar dirdizariya; bidal zadazu lenbailen belar sendakai ori, edo bestela zedorrek ekarri. Naiago nuke. (Itxedon.)

       Askotan, begiz ikusten ez bazaitut ere, biyotzez, beti nere aurrian arki zaitut maitasun ibilkai onen aginduz.

       Maitasuna! Maitasuna! Zer itz ederra! Biyotzian arki da, zure labe sutsua! Ortik irtenik zabaltzen dira ugariro urrezko ezpal printzak diruditen txinpartak, eta oietako batek usterik gutxiyena dan garaian ikutuko banindu biyotzaren beko muturretik... Zer zorioneko eguna izango litzaken neretzat, Mari! Ai ura eguna! Ez litzaiket aztuko biziyak irauten diran bitartian, ta elkarren izatera iristen bagera, egunaz ta gabean oroitu araziko dizut txinpart orrek jo ninduen eguna, zer zoragarriya izan zan zu maite zaituen onentzat.

 

              Ai, Mari, Mari, Mari!

              gaur, nigan atozkit,

              biyotzaren aginduz

              zure zai nagozkit,

              bart arratseko amets

              goxuak datozkit,

              maitasuna, labean

              erregotzen dagokit.

 

       (Ekantzari begira.) Zu zera bai, zu, neri askotan lua galerazten dirazuna. Zure izena oroitzeak bakarrak burua nastutzen dit, eta ur saltoko zurrunbilluak baño soñu aundiyaguak egiñik jartzen dizkit buru muñak. Au lana! Au lana! Ta, guztiya zergatik? Maitasun sutsu onegatik. Naiago nuke, oraindik nere ama maitiari bularra edozkitzen banego eskutxo txikiyak bular gañian jarririk.

       Orduan ere maitasuna banuben, bañan, norgana?

       Ama, ama! Zuganako maitasuna beste gabia nitzan ta, oraiñ? Oraiñ maitasun ura bidez bestera aldatua da, ujolde gogor batek ibaiak oi dituen bezela. Nekea, nausitua daukat aspaldiko egun oetan, ta auldadiak mendian artua nauka. Ai ama! Noiz arte iraun bear ote du nere bizi eziñ onek? Ez al dira paketuko nere odolak, edo zornetu egin bear ote dute? Mari! Mari! Zorneak, odolak mendean artu baño len, ekarri zaizkidatzu zure baratzako belar ezekaiak senda nadiñ lenbailen; arren da arren, eskatzen dizut mesede au, zure borondatiak ukatuko ez diran uste osuan, ta Jainkuak ordainduko dizu guztiya. Ai, au nekia! Au eziñ egona! Begiyetako azkuriak ere, ez dit uzten pakian.

 

              Mari! Mari! berriro

              badatorkit lua,

              maitasunak biyotza

              saukat oso jua;

              egun batez indartu

              bazitzaidan sua,

              galdu zait zañetako

              pakeon gozua.

 

       (Itxedon.) Noiz ikusi bear ote zaitut berriro? Ta, zer egin bear det ikusten ez bazaitut geiago? Erotu? Ez, ez; iltzea txarra izango da, bañan erotzia txarragua dala uste det. Nere amak baleki nere berri, ez ote lirake berriro titiya emango bere magalean gozoro arturik, nere barren bero au eze dediñ? Ez ote lizkirake expañak buztiko ospiñez, xapi txuri puxka batekin txitxariak oi nituenian bezela? Uste det baietz; bañan nola maitasun miñak ez, diran aurdarozko gaitzak bezelakoak, nere amaren alegiñak, aundi, neurrigabekoak izan ta ere, utz biurtuko lirake. Nere miña senda lezakien sendakiñik ez da iñon, non ta Marik nai ez duben; onek bakarrik dauzka bere maita baratzan senda belar onak, eta au izango da baldin borondaterik badauka, ni sendatuko nauena.

       Amak ez lezake nigatik ezer egiñ, zergatik gaitz au dan, ezagun erresa izan arren ere, izaiakin odola ateratzen dalarik sendatu ezin litekiena maita zornea barrenen gelditzen dalako.

       Ibilli eziñ onek ondatzen nau, ta loaren zapuzkeriyak ematen diran jipoiak elbarritzen dizkit ezur ta mamiyak; askotan gertatzen zait etxetik irtetzen naizenian norabait joateko asmoan, zer egin ta nora noan ez dakitala gelditzia, itxu gidari gabeko baten antzera.

       Askotan nabaitzen det nigan negar egin nai bat, bañan biyotza negarrez arki dalarik, begiyak ukian jartzen zaizkit, malkorik eman nai ez dutela. Negar egin nai, ta eziñ! Zer larritasun ta nekeak igarotzen ditutan! Ukian daukat pakea! Beti guda biziyan biyotza! Au lana! (Kalkatuaz) Au lana!

       Noiz egingo ote du pake zoragarri orrek nigan ager aldi bat? Ez dakit; ez dakit gaitz onekin zertaratuko naizen!

       Marik ez du nai nere jabe izan, iñolaz ere izango da, diruz urri xamar nabillelako, bañan agiyan, dirutan bakarrik al dago zoriona? Dirudun asko ez al dira bada ikusten zoritxarpean? Ez ote dit Marik zorne zikiñ au garbituko? Ama, ama! Zer egingo det baldiñ aingeru eder orrek ukatzen badit eskatzen diyotan mesede au? Ez ote diyo gure Jainkoak biyotza bigunduko? Ez al gaitu bada bere seme-alabak guztiyak? Eta guztiya dezakien Jaun Altsuak ez badizkit aditzen nere otoitzak, zer egin bear det? Nere burua urkatu? Au lana! Au lana! Nere biyotzak egunen batian mendian artu ninduen, ta, orra: guztiya nere kalterako.

       Erotuko ote naiz Ez det uste, zergatik arki detan burua, guztiz osasundun ta kementsu, bañan biyotza... biyotzean nabaitzen ditut aspaldiko egunetan, gorabera aundi ta astiñaldi gogorrak; aula nago guztiz zankuetatik, eta oñak aundituak. Ai ama!

       (Biyotz gañian bi eskuak elkarren gainka jarririk.) Emen! Emen! Emen dago nere miña! Onek dakarki eriyotza nigan! Onek illunduko ditu nere begiyak! Argirik ez da izango neretzat geiago! Ama! Ama! Ama! Zure semea maitasunak illko du! Ez nago luzaroko! Ageri da sega beltza nere biziyaren eske datorrena! Orra or; orra non datorren! Gure Jainkoak guk egindako gaizkiyen epaia eman bear duben zelaian, ikusi bearko degu berriro elkar! Neriak egin du! Nere gai ta kemenak aitu dira! Mari! Mari! Ai! (Biyotzeko miñ batetakuak botatzen du zilipurdika illa.)

 

Euskal-Erria, 1917